2018/10/19

Jada 15 urte pasa dira WordPress-en lehen bertsioa atera zenetik. Orduan blog soil bat zena, gaur egun munduan gehien erabiltzen den edukiak kudeatzeko sistema (CMS) da. Baina urteak pasa diren arren, badirudi WordPress garatzaileek inoiz ez dutela pentsatu hainbat hizkuntza duten webguneei irtenbidea emateko aukeran.

Hori dela eta, hizkuntza ezberdinei irtenbidea emateko plugin ezberdinak sortzen joan ziren. Lehenetako bat qTranslate izan zen, baina hainbat gabezia zituen, eta honen garatzaileek aspaldi baztertu zuten.

Zer dela eta? Ba, batez ere, WPML hizkuntza kudeatzeko plugina nagusitu zelako.

Nola kudeatu hainbat hizkuntzako WordPress webgunea WPML bidez

WPML da, inondik ere, hainbat hizkuntzako WordPress webguneak kudeatzeko plugin nagusia.

Arrazoi nagusietako bat, qTranslate-ek zituen gabeziak zuzendu izana da. Harekin konparatuz, edukien %100a itzultzeko aukera ematen du, adibidez.

WPML-ko oinarrizko funtzionamendua

Egin beharreko lehen gauza, plugina ondo konfiguratzea da. Zehaztu beharreko ezaugarri nagusietako bat, hizkuntza bakoitzaren Helbidea edo URL-a da.

Ziurrenik ohikoena lehen aukera izango da: hizkuntza bakoitza bere karpetan.

WPML-rekin lan egiterako orduan, edukia beti bezala sortuko genuke (orrialde bat, edo blogeko sarrera bat), eta ondoren, Translate botoia sakatu beharko genuke orrialdea itzultzeko.

Eta, webgunean agertzen diren testu txikiak? Horiek “String Translation” atalean topatuko ditugu.

Agur bizi osorako planari

Azken aldaketa bat! Duela hilabete gutxi, WPML-k garatzaileentzako zuen bizi osorako programa bertan behera utzi zuen… erabiltzaile berrientzat. Horren ordez, urtero berritu beharreko kuota sistema ezarri du.

Lehendik bizi osorako plana erosia dugun garatzaileok, berau erabiltzen jarraitu ahal izango dugu. TaPuntun urteak daramatzagu WPML erabiliz, eta gure bezeroei plugin hau ezartzen diegu, kosterik gabe.

WPML-rentzat alternatibak

Azken urteetan hainbat alternatiba berri atera dira hizkuntzak kudeatzeko. Hauek dira ezagunenak:

  • Polylang
  • Weglot
  • TranslatePress

Eta zuek, ze modu erabiltzen duzue zuen WordPress webgunea itzultzeko?