2020/04/30

Azken asteetako egoera berriaren ondorioz, hainbat sektoretako langileak lanik ezin burutu geratu diren honetan, telelana edo etxetik lana egiteko aukera izatea abantaila bat dela kontsidera daiteke.

Jakingo duzue ordea, telelana idealizatzea egi osoa ez kontatzea dela. Gaurkoan, telelanean suertatu daitekeen egoera deseroso baten inguruan arituko gara: bezeroekin gure telefono pertsonaletik aritzea.

Seguruenik bezero gehienek kontuan izango dute oporrez gozatu eta deskantsatzeko langileok dugun eskubidea. Baina… tentazioak ekiditeko, hemen gure gomendioak.

Telefonoz deitu aurretik, aztertu beste aukerak

Eskuan daturik izan gabe, ziur nago posta elektronikoaren erabilera asko handitu dela konfinamendu garaian. Lehen dei batekin konpontzen genuena, posta elektroniko bidez konpontzea ideia ona da.

Beste aukera bat, bideodeiak egiteko zita bat zehaztea da.
TaPuntun, Jitsi erabiltzen dugu lehen aukera bezala. Ez da erabiltzaile/pasahitz bidezko sarbidea behar, eta ordenagailu edo mugikor bidez konekta gaitezke, esteka sinple baten bidez.

Telefonoz deitu behar badugu, gure zenbakia ezkutatu

Aurreko aukerak nahikoa ez badira, eta telefono dei bat egitea beharrezkoa bada, telefono zenbakia ezkutatzeko aukera daukagu, bai telefono finko edo mugikorretik deituta.

Telefono finkotik deitzean:
067‘ zenbakiak sakatuko ditugu telefono zenbakiaren aurretik.

Telefono mugikorretik deitzean:
#31#‘ karaktereak sakatuko ditugu telefono zenbakiaren aurretik.

Opor eta deskantsurako eskubidea

Aurreko modu horiekin, deia jasotzen duenak ez du aukerarik izango gure zenbakia ikusteko. Horrekin, egoera deserosoak ekidingo ditugu: jaiegun eta ordutegitik kanpoko deiak, Whatsapp mezuak, …

Beraz, egun hauetan etxetik arituta, autonomo askoren egunerokoa pairatzen ari bazara, egoera pixka bat arindu ahalko duzu horrela.

Argazkia: Olia Nayda