2020/05/29

Nahiko bitxia da gai hau aukeratzera nola iritsi naizen ikustea.

COVID-19aren osasun krisia gainditzen ari garela ematen duen honetan (krisi ekonomikoak zer nolako bilakaera izango duen oraindik ikusteke dago), eguneroko eginkizunen aurrean seguruenik denok antzeko, baina aldi berean ezberdin jokatu dugula pentsa daiteke.

Horietako egun batean, kaletik nindoala, nire jokatzeko moduak pentsarazi zidan, agian horrela egiten nuela eta ez beste modu batetara, nire izateko modua horrela delako. Kasu honetan, profesionalki, programatzailea naiz.

GARRANTZITSUA: EZ NAIZ INFORMATIKARIA; NI PROGRAMATZAILEA NAIZ.

Aritz Etxeberria Altuna

Programatzaileon pentsatzeko modua bitxi xamarra izan daiteke batzuetan. Horrek gure eguneroko erabakietan eragin dezakeela uste dut.

Azken asteetan, momentu benetan larria zenean, gure egunerokotasuna izan diren hainbat egoera jarriko ditut jarraian.
Egoera hauek, bere antzekotasuna izan dezakete programazioan. Pentsatu dut horrela, agian errazagoa (eta originalagoa) izango dela irudikatzea nola pentsatzen duen programatzaile batek. Edo behintzat, nik.

COVID-19 egoerak

1. Igogailuko botoiari eman behar diodanean
  • Zakarra jaistera banoa, zakar poltsarekin ematen diot.
  • Poltsikoan papertxo bat badaukat, horrekin zapaltzen dut.
  • Bestela, etxeko giltzekin ematen diot, punta batekin.
2. Supermerkatuko produktuak etxean gordetzen
  • Produktuak bilgarria badu, kendu eta gorde.
  • Egun luzetan erabiliko ez dena, gorde.
  • Janari freskoa edo hozkailuan gorde behar dena bada, gorde aurretik garbitu.
3. Eserleku batean esertzean
  • Ezin da ezaguna ez dugun kaleko eserleku batean eseri.
4. Izkina batera iristean
  • Norbaitekin topatu zaitezkela pentsatu.
  • Kurba irekiagoa hartu.
5. Balkoi eta terrazen azpitik pasatzean
  • Kalean izate hutsa, arriskua izan daitekeela pentsatu.
  • Eta… goiko norbaitek eztula egiten badu?
  • Kalean ere, beharrezko babesa eraman.

Programazio egoerak

1. Baldintza bat idazten dudanean
  • Balioa 1 eta 5 artekoa bada, “A” egin dezala.
  • Balioa 6 eta 10 artekoa bada, “B” egingo du.
  • Eta balioa 1 baina txikiagoa edo 10 baina handiagoa bada, zer?
2. Parametro bidez datu bat jasotzean
  • Zenbaki bat espero bada, hala dela ziurtatu.
  • Testua bada, hutsa ez dagoela ziurtatu.
  • Adibidez, herri bat espero badugu, espero ez den herria jasotzean zer pasako den kontrolatu.
3. Datu basera konektatzean
  • Ezin da datu basera zerbitzaritik kanpo konektatu.
4. Programazioa bukatzean
  • Erroreren bat egon daitekeela pentsatu.
  • Beharrezko proba guztiak egin.
5. Datu basean pasahitzak gordetzean
  • Datu basean gordeta izate hutsa, arriskua izan daitekeela pentsatu.
  • Eta… norbaitek bertara sartzea lortzen badu?
  • Pasahitzak enkriptazioz babestu.
Zer egongo da izkinaren beste aldean?

Bai, kasu horietako batzuk mugaraino eramandako egoerak izan daitezke.
Baina funtsean, horrelakoa da programazioa, akatsa edonon egon baitaiteke.

Ez al duzue estresa sentitu egoerarik okerrenean kalera atera zaretenean? Momentuoro egoera ezberdinetan pentsatu eta erabakiak hartu behar izatea, neketsua da gure buruarentzat.
Programazioa antzeko zerbait da. Lanegun osoan zehar programatzen aritzea ezinezkoa da, eta hainbat proiektu ezberdin batera egin daitezkeen arren, banaka eta helburu txikiekin burutzea askoz errazagoa da.

Zuen burua antzeko irudikatu al duzue aste hauetan?

Horrela bada, ez duzue pentsatu behar etengabeko paranoia batean bizi zaretenik. Agian programatzaile baten burua duzue, eta orain arte ez zarete konturatu horrela zenik.

Nik ondorio hori atera dut. Bizitzan egoera ezberdinei aurre egiteko modua, zuzenean erlazionatuta dagoela nire lan profesionalarekin. Eta kontatu dizuedan guztia kasualitate hutsa besterik ez bada, behintzat, paranoiaren teoria baztertzeko balio izan dit.

Argazkiak: 胡 卓亨 eta Anthony Chiado