Zure proiektua munduari erakutsi nahi diozu? Bideo bat izan daiteke une honetan zure lanaren islada erakusteko modurik eraginkorrena. Hala ere, sareetan edo gure webgunean zer egiten dugun erakusteko bideo bat egitea ez da erraza izaten gure berezko lana ez bada. Hemen bideo bat sortzeko gida txiki bat:
GIDOIA
Grabatzen hasi aurretik, ondo prestatu behar dugu non egingo den, zertarako eta zein ekintza diren garrantzitsuak gure jarduera kontatzeko. Hau ahalik eta itxien eramatea grabaketa egunean ezinbestekoa da grabaketa arin joan dadin. Ezustekoak gertatzea ohikoa da eta gure kontrolpean ez dauden guztiak ahalik eta hoberen aurrera ateratzeko gidoia argi izan behar dugu. Gero gerokoak.
HIZLARIA
Hitz egin behar duen pertsona normalean ez dago ohitua kamera aurrean hitz egitera eta asko urduritu egiten dira. Horretarako kontuan izan behar dugu konfiantza giro bat sortu behar dugula grabatzen hasi aurretik. Aldez aurretik, beraz, lasai hitz egin esango duenaren inguruan, errepaso moduan, esan beharrekoa barneratzen joan dadin.
ENKOADRAKETA
Hitz egiten ari den pertsona zuzenean kamerari begira jartzen badugu, bideoa ikusleari zuzenean hitz egiten ari dela kontuan izan behar dugu. Hau garrantzitsua izan daiteke mezua zuzenean beretzat dela sentitzea nahi badugu baina, kontakizun bat bada, normalean kamera ondoan dagoen norbaitekin hitz egitea izaten da hoberena.
Bestalde, kontuan izan behar da muntaian seguruenik pertsona honen inguruko informazioa gehitu nahiko dugula testu batekin. Horretarako albo batean “airea” uztea izaten da egokiena. Gomendagarria da espazio hori ahal den eta garbien egotea ere, mila kolore eta formetako elementuak saihestu beharko ditugu ondoren testua ondo irakur dadin.
KOKAPENA
Non grabatzen dugun adostea ezinbestekoa da aldez aurretik. Kontakizunarekin bat datorren leku bat aurkitu behar dugu. Elkarrizketa grabatzerako orduan, ondoren ikusiko dugun bezala, gauza asko izan behar dira kontuan, soinu eta argi egokiak izatea komeni da muntaian desesperazioa ekiditeko.
ARGIZTAPENA
Argia oso garrantzitsua da bideo batean. Kontatzen diogun horri alaitasuna, tristura, energia… gehituko dio, eta garrantzitsua da hori ondo lotzea hasieratik. Hau da, kontatu nahi duguna umeentzako panpinak egiten ditugula bada, ezin ditugu plano ilunak grabatu, ezta hizlaria sabaitik datorkion argi dramatiko baten azpian jarri ere. Honen bidez sortuko dugun sentsazioa kontrakoa izango da eta, hortaz, bideoak ez du ondo islatuko gure lanaren alaitasun hori.
AUDIOA
Elkarrizketa grabatzen dugunean audio garbi bat grabatzea oso garrantzitsua da bideoan esaten ari garena ondo entzun dadin. Horretarako, mikrofono zehatzak daude eta gaur egun estilo eta prezio ezberdinetakoak aurki ditzakegu kalitate onean.
Kontuan izan baita ere, ahal den pertsona gutxien egon behar direla grabaketaren momentuan. Hitz egin behar duen pertsona lasaiago egongo da alde batetik, eta kanpoko soinuak sartzeko arriskua asko jaisten da bestetik.
ERREKURTSOAK
Bideoan pertsona bat hizketan ari denean esaten ari dena islatzen duten planoak txertatzea gomendagarria da. Bideoa arinagoa izango da eta esaten duenaren benetako akzioak ikustean errazago ulertzen da honen errealitatea. Ezinbestekoa da bideo dinamiko batean errekurtso irudiak txertatzea.
MUSIKA
Zein musika estilo den onena asmatzea ez da lan erraza. Errelato sentibera batean ezin dugu musika alai bat jarri, edo zerbitzu dinamiko bat eskaintzeko drama musika bat txertatu. Denbora ugari eskaini behar zaio musika apropos bat aurkitzeari, horrek bideoaren zentzua alda dezake eta.
Hala ere, gida txiki hau oinarri bat da, beti begiratu behar dugu zer eta nola egin kasu bakoitzean. Urteen eta esperientziaren poderioz arauak hausteko askatasuna bakoitzarenera eramaten joaten gara eta.