Pasa den martxoaren 26an Nortasuna Sarean jardunaldia egin genuen Donostian, hamargarren aldiz (laburpena hemen, jardunaldi osoa ikusgai hemen). Azkar esaten da. Azken edizioaren ajea pasata, urteurren borobilek ezinbestean sorrarazten duten hausnarketan murgildu gara.
Asmo handirik gabe 2016an sortu genuen ildoa, zentzuz eta edukiz betetzen joan da urteetan zehar eta, gure xumean, bide polita egin dugula sentitzen dugu. 10 urte hauek eman dutena laburbiltzeko ariketa egin dugu:
Eta ez, ez da ariketa erraza izan. Gu geu harritu gara kontaketa egin eta urte horietan zehar 54 pertsonak euren ezagutza eta esperientziak gurekin partekatu dituztenaz ohartzean. Komunikazioari askotariko begirada eta eremutatik erreparatu diogu eta ezin zerrenda jaso ditugun ikasketak. Poza sentitu dugu bide hori gurekin batera egin duten pertsona eta eragileak gogora ekartzean.
Gutxinaka-gutxinaka, lan dezente eginda eta asko gozatuz, ekimena gorpuzten joan den heinean, Nortasuna Sarean gure kooperatibaren ekimen kuttunena bilakatu dela esan dezakegu.
Euskara, komunikazioa eta teknologia izan dute zehar-lerro gisa 10 jardunaldiek. Asko ikasi dugu, bai, baina batez ere sektoreko profesionalekin eta enpresekin saretzeko balio izan du prozesuak. Honetaz jabetzean, hunkitu gara.
Konpetentziaz hitz egin baino, nahiago dugu elkarreragina eta elkarlana sustatu. Askoz gehiago da irabazteko daukaguna, galtzeko daukaguna baino. Elkarrengandik ikasi, elkar babestu eta sektorea indartzeko apustua egiten dugu. Eta bai, emango ditu fruitu berriak laster, egon ziur.
Azken jardunaldiak balio izan digu komunikazioa orain nola egiten den aztertu eta etorkizunera begirako proiekzio ariketa bat egiteko; elkarrekin hausnartzeko zein erabaki har ditzakegun orain, etorkizunean komunikazioa modu osasungarriagoan egin ahal izateko, gure jendartearentzat egokiagoak diren dinamikak elikatzeko. Komunikazio onaren ardura kolektiboa dela ulertu eta erronkak gure egiteko.
Harrotasunez, baina harrokeriarik gabe, ohartu gara baietz, bagarela nor. Komunikazioaren sektorean euskaraz lan egiten dugunok badugula zeresana eta denon ardura izango dela gauden tokitik norabidea aukeratu, iparrorratzak lerrokatu eta konpromisoak hartzea.
Jakinarazpenak