2017/01/20

Ohiturak lege. Iaz lehen aldiz Nortasuna Sarean jardunaldia eskaini genuen Hernanin. Jardunaldi honen helburua argia zen: sarean egotearen zalantzak argitzen saiatzea. Gure esperientzian oinarrituz, konturatu ginen negozioek orokorrean badakitela sarean egon behar dutela, baina ez dakitela “nola?” galderari erantzuten. Arazo hori antzeman ondoren, eta kooperatiba bat izanik, gaiaren inguruko doako jardunaldi bat antolatzea erabaki genuen. Behintzat, interesa duen orok, urtean behin, informazio hau jasotzeko aukera izan dezan.

Bigarren edizio honetan aldiz, lelo berriarekin gatoz: “Sarea saltoki!”.

Negozioek ba al dakite sarea saltoki gisa erabiltzen?

Galdera honi erantzuna emateko xedez sortu dugu aurtengo jardunaldia. Negozioek sarean murgildu eta estrategia egokiekin etekin ekonomikoak lortzen ikasteko doako jardunaldia ospatuko da datorren urtarrilaren 26an, Koldo Mitxelena Kulturunean. Arratsaldeko 18:30ean hasita, sare sozial eta online denden inguruan lan egiten duten profesional ezberdinek negozioek sarean saltzeko ezagutu beharreko gakoak entzuteko aukera izango dute.

Hizlariak

Lau hitzaldik osatuko dute jardunaldia, bi zati nagusitan banatua egongo dena: gakoak eta esperientziak.

Gakoen zatian online alorreko komunikazio aholkularia den Iraitz Mardariagak online saltzeari buruz hitz egingo du, eta Biantik Kooperatibako Jon Turrillasek ordea, segurtasuna eta alde juridikoa landuko ditu.

Esperientzien zatian aldiz, bi kasu erreal aztertuko dira testigantza bitartez eta modu praktiko bat oinarri izanik. Arrate Imazek, Loratu.com online dendaren arduradunak, sarean saltzeak ekarri dizkien aukerak azalduko ditu bere bizipenean oinarrituz. Leire Egiartek, Eguzkilore bitxi-dendako marketin arduradunak aldiz, denborarekin nola ikas daitekeen adieraziko du, Eguzkilorek eta euren online dendak azken urteetan bizitako eraldaketan oinarrituz.

Jardunaldian zehar, hizlariei galderak egiteko tartea egongo da, arratsaldeko 20:30ak arte luzatuko baita jardunaldia.

Izen-ematea

Gaian interesa duen orok izena emateko aukera izango du. Helburu garbia dugu, enpresa edo proiektuek sarean saltzen jakitea, hau modu egokian nola burutu erakustea eta bide horretan laguntzea.

Bertaratzeko interesa duen orok, www.nortasunasarean.eus web-orriaren bitartez eman beharko du izena (jardunaldia ospatuko den aretoaren espazio mugak medio, parte-hartzaile kopurua mugatua izango da).

Zatoz urtarrilaren 26an Donostiako Koldo Mitxelenara! Zatoz Nortasuna Sarean Jardunaldira!