TaPuntu kooperatiba txikiak Nortasuna Sarean Jardunaldia antolatzen dugu urtero. Askotariko gaiak jorratu izan ditugu, betiere, euskara, komunikazioa eta teknologia zehar-lerro izanda. Dagoeneko hasiak gara datorren jardunaldirako antolaketa lanetan. Izan ere, 🤩 hamargarren edizioa 🤩 izango dugu 2025ekoa, eta merezi du dagokion tokia eta mimoa eskaintzea.
Oraindik ez dugu gehiago aurreratuko. Iritsiko da horretarako garaia ere. Baina jakingo duzuenez, jardunaldietako egunetarako gure taldean proposatu izan ditugun gaiak eta jorratu gabe gelditu zaizkigunak berreskuratzeko gogoz, podkast formatua abiatu genuen pasa den ikasturtean.
Aurten ere, bi saio egin ditugu eta, ziur aski dagoeneko entzunda izango dituzula badakigun arren, despistaturen bat hortik baldin badabil, ez dago soberan gogoraraztea bi saioak entzungai dituzula, berriro ere entzun eta apunteak hartu ahal izateko.
Cookie-ak eta beste
Gure datuekin, askotan guk baimentzen ditugun eta esku-eskura jartzen dizkiegun datuekin, gure nortasun digitala edo erabiltzaile profila sortzen dute enpresa ezberdinek. Gure joerak, nondik nora nabigatzen dugun, zein interes ditugun, norekin harremantzen garen… Eta hori dena, besteak beste, euren mesederako erabili. Talaios Kooperatibako Gorka Julio Hurtadorekin ARRASTO edo AZTARNA DIGITALAZ aritu ginen. Ematen ditugun baimenez, guk jakin gabe erabiltzen dituzten gure datuez, cookiez… Entzun elkarrizketa osorik:
Nola txertatu gure balioak komunikazioan?
Azken podkastean, BALIOEK komunikazioan duten edo izan beharko luketen tokiaz aritu gara. Izan ere, Nortasuna Sareratzeaz ari gara, nortasuna zabaltzeaz, ezagutzera emateaz, eta nortasun hori eraikitzerako garaian, ezinbesteko elementu ditugu balioak. Zein dira gure identitatea ezaugarritzen duten balioak, zerk definitzen gaitu, nola txertatu hori guztia gure proiektuaren komunikazio estrategian… Horretaz guztiaz hitz egiteko, Estitxu Garai Artetxe izan dugu bidelagun, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle, kazetari eta ikerlaria.