2019/12/13

Jada lau hilabete pasa dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen gifak egin genituela. Sare sozialetan gif hauen arrakasta ikusita, lan honen barruko prozesua azaltzea otu zait gaurkoan.

Sentitu

Katxiporretaren sare sozialen estrategia lantzen ari ginen. Sare sozialen estrategian, publikoa, helburuak, sareak, edukia, egutegia… eta horrelakoetaz gain, sareei bizia emateko hainbat ideia sortzen zaizkigu askotan. Ideia hauek exekutatzea batzuetan ez da posible ikusten, eta beste batzuetan, egingarriak izateaz gain oso ideia berritzaileak izaten dira.

Konturatu ginen, sare sozialetan gifak geroz eta gehiago erabiltzen zirela, baina euskal erreferente gutxi zeudela. Hau horrela, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek euren gifak izan behar zituztela sentitu genuen.

Pentsatu

Proiektu gehienetan  egin ohi dugun bezala, bakarrik baino elkarlanean gauzak hobeto ateratzen direla uste dugunez, honetan ere egin beharreko lanetarako laguntza bila hasi ginen. Argi genuen chroma bat beharko genuela eta argazkilari profesionalak ere, irudia oso ona izan behar zuen.

Hori dela eta Kipula Studio-rekin hitz egin genuen eta bideo laburren grabaziorako data bat itxi genuen. Bestalde, grabazioa gure bulegoko Big Bang gunean egiteko, gune hau nola egokitu pentsatu genuen ere. Jarraian gure lantaldeko Gorettirekin grabazioak gif bihurtzeko modua aztertu genuen. Eta azkenik, sareetan eskuragarri izateko prozesuari buruz Mr. Euskaldun-ekin hitz egin genuen, bagenekien eta berak ere gifak egin eta sare sozialetara igo zituela.

Ekin

Usurbiletik Korrika pasatzen zen egunean, goizean goiz geratu ginen grabazioak egiteko. Gogoan dut panorama, gure komuna pailazoen makillajeaz beteta, eta kristalerak tapatuz ibili ginen inork ez zitzan gurean ikusi.

Bestalde, lantalde ederra izateaz gain, kamara aurrean genituen profesionalekin lana erraz erraza egin zen. Zer esan Katxiporretako lantaldeaz… ezin hobeak direla! Momentu polita pasatzeaz gain, asko ikasi genuen prozesuaz…

Esperientzia honek bideak ireki dizkigu horrelako lan gehiagori… zeintzuk ote eskuartean ditugun gif berriak? Adi gure sareetara!