2016/01/08

Zenbat zirriborro, ideia, nahasmen, zalantza, haserre, bilera… behin betiko izen bat zehazteko orduan! Proiektu bat eskuartean duen orok, ondo baino hobeto jakingo du honen nortasuna egoki islatuko duen izena zehazteak zer nolako buruko minak ematera iritsi daitekeen. Milaka dinamika, ideia zaparrada, aholku, kutsu positibo eta negatiboen inguruko galderak… egin ostean, zortea duen horrek, azkenean izen bat aukeratzeko abentura hori gainditu eta bere helburua lortu dezake, kostata.

Argi dagoena da, izen hori guztiz gustoko izateko, denbora behar dela. Behin eta berriz errepikatu ondoren, azkenean izen horrek zentzua eta indarra har dezake aldi berean. Hala ere, denbora dezente igaro ostean, benetan gustoko duzula konturatu ala goitik behera aldatu nahi duzula ondorioztatu dezakezu ere.

Azken egoera horren aurrean aurkituz gero, marka irudiaren inguruan aurreratutako lan guztiak eta inbertituriko diru guztia alferrikakoak izan direla konturatu zaitezke gainera. Izen horrekin prestaturiko logotipo, bisita txartel, sinadura… alde batera utzi eta berriak pentsatu eta prestatzeari ekin behar diozu nahi ala ez.

Beste batzuetan aldiz, elkarte nahiz enpresa mota ezberdinen erregistro ezberdinek finkaturiko izenen inguruko lege baldintzak guztiz ahaztu edo haiek existitzen direla berandu ohartu izan ohi gara. Izan ere, askotan etxea teilatutik hasteari ekiten diogu, proiektua errealitate bilakatzeko gogoz eta erregistro ezberdinek izenak finkatzeko orduan muga edo balditza batzuk ipintzen dituztela ahazten dugu guztiz. Dena martxan jarri eta balditza horietaz ohartzerako, aukeratutako izenak ez duela balio aipatzen digute erregistrotik.

Egia esan, guk geuk, TaPuntuko lantaldeak askotan topatu ditugu horrelako egoerak. Marka irudi bat martxan jarri eta dena bukatu eta gutxira, erabakitako izenak gutxirako balio duela ohartzea. Bai sustatzaileek izena aldatzea erabaki dutelako edota aldatzera behartuak egon direlako lege baldintzak medio.

Beraz, gure aldetik aipatu, proiektu bati izen bat esleitzeko garaian ondorengo pausuak errespetatzea gomendatzen dugula:

  • Lehenik eta behin, izenak gure proiektuaren ezaugarriekin eta helburuekin bat egitea. Azken finean, sortuko dugun izenak, pisuzko zentzu bat izatea beti. 
  • Bigarrenik, izena sortu eta denbora bat ematea. Ondokoei galdetu eta belarrira ondo ematen digun ala ez erabakitzea.
  • Marka irudia sortu baino lehen, proiektuaren forma juridikoa kontutan edukiz, dagokigun erregistroan kontsulta egin eta izena baliozkoa den ala ez galdetzea.

Bukatzeko, hemen azpian uzten dizkizuegu sarrera honetan aipatutakoaren harira, azaldutakoaren benetako hainbat adibide:

Mapas prozesua

Trinko Lasarte-Oria prozesua