2024/05/10

Scroll amaigabea

Entzun audio formatuan

Gauzak hasi eta bukatzeko agindu psikologikoa dugu. Jarduera batean sartzen garenean, hori amaitzen saiatzen gara, asebetetzea lortzeko. Baina scroll amaigabearekin ez dago bukaerarik, jarduerak beti darrai. Gelditzeko unerik ez dugun horretan, scroll egiteari uztea zaila egiten da. Era berean, gure burmuinari etorriko dena ikusteko gogoa pizten zaio. Gustatzen zaigu ezagutzen ez dugun hori deskubritzea, nolabaiteko sari hori lortzea.

Beraz, gizakion ezaugarri horiek guztiak marketin estrategiara eramaten baditugu, scroll amaigabeak gure denbora eta atentzioa lortzen du.

Zer da Scroll amaigabea?

Scroll amaigabea azken aldian asko ikusten den nabigazio-estilo bat da, bertan edukia agertuz doa erabiltzaileak webgunean edota aplikazioan jarraitzea erabakitzen duen denboraren arabera. Horrela, eduki berria automatikoki kargatzen da erabiltzailea desplazamendu-barraren amaierara iritsi aurretik.

Web munduan, duela urte gutxira arte, orrialdearen edukia kargatu ostean, hurrengo orrialdera pasatzeko akzioa egin behar genuen. Hau da, erabiltzailea modu konsziente batean egiten zen erabakiaren jabe. Orain, Tiktok, Instagram eta webgune gehienetan, dena bakarrik doa, gure akziorik gabe autokargatzen, gizakia zombie scrolling bilakatu arte edota scrolling kultura nerabe eta gazteen artean hedatu arte.

Zein kalte ditu guregan?

Informazio-gainkarga

Erabiltzaileari etengabeko informazio-fluxua eragiten dio, eta horrek estres-sentimenduak, antsietatea eta nekea eragin ditzake.

Denbora galera eta menpekotasuna

Baliteke denbora asko galtzea. Erabiltzaileek orduak eman ditzakete edukian nabigatzen, ordu horiek gauza emankorragoetarako erabili beharrean.

Eta legeak zer dio?

Haurrak eta gazteak dira fenomeno horren aurrean kaltetuenak. Adingabearen babesagatik erakundeak aktibatu direla dirudi. Europako Parlamentuak adikzio-diseinua deritzona arautu nahi izan du, eta nolabait mugatu. Horretarako txosten bat garatu dute, zeinetan sare sozialen eta edukien diseinuan lan egiten duten enpresek menpekotasuna ekiditeko produktuak, edota produktu etikoak sortu behar dituztela ezartzen den.

Baina, ezertarako balio al du kanpoko arautze horrek? Nafarroako Gizakia Helburu elkartean eta sustantziarik gabeko adikzioak lantzen dituen Eoki elkarteko kide Andoni Morondori egin zioten galdera Euskadi Irratian. Bien iritzia da “labur geldi litekeela” Europako Parlamentuaren bidea, “askotan legeak onartzen dira baina gero ez dira indarrean jartzen“. Oinarrian, kontuan hartu behar dugu zer dagoen sare sozialen atzean, Andoniren hitzetan, “gure bizi denborarekin ordaintzen ditugu sare sozialak“.

Ikusiko dugu zein bide hartzen duen honek, geratuko den, edota legearen esku-hartzeak eragina izango duen.

Argazkia: Pressmaster