Sormenaren gaiari helduko diot gaurkoan. Imajinatuko duzun moduan, TaPuntun ideiekin egiten dugu lan askotan; ohikoa izaten da bezeroaren behar zehatz bati erantzuteko taldekideok garuna martxan jartzea. Baina sormena erabiltzea ez da gure lan-arloko ezaugarri esklusibo bat; sormena bizitzako edozein arlotan da beharrezkoa. Azken finean, edonolako egoera bati soluzioa topatzeko modua baita.
Lerro honetara iristerako, ziur aski zure buruari sortzaile zaren edo ez galdetu diozu. Hala bada, STOP; denok gara sortzaileak eta, sormenarekin jolastera ohituta ez bazaude, entrenatzean dago gakoa. Egin eta egin, ideiak geroz eta sarriago agertuko dira, gutxien espero duzun momentuan.
Ezagutzen duzu pentsamendu laterala? Edward De Bono psikologoak asmatutako kontzeptu bat da. Bere iritziz sormenaren gakoa da arazoei soluzioak bilatzerakoan pentsamendu logikoaren patroiaren ordez, bide alternatiboak erabiltzea. Alegia, gure buruari berez egingo lukeen ibilbidea egiten utzi ordez, bide alternatiboak proposatzea.
Hainbat eta hainbat teknika proposatzen dizkigu lanerako; gaur hauetako bat aurkeztuko dizut.
Teknika honen helburua ideia baten alternatibak bilatzea da; alegia, ontzat eman dugun ideia bat zalantzan jarri eta hau hobetzeko alternatibak bilatzea.
Teknika sinple, efektibo eta dibertigarria da. Sei kapela jantzi beharko ditugu aurretiaz pentsatutako ideia ebaluatu eta alternatibak bilatzeko. Banaka egin dezakegu ariketa, baina askoz ere emankor eta dibertigarriagoa izango da taldean egiten badugu, bakoitzak kapela ezberdin bat jantziz. Teknika hobeto ulertze aldera, adibide imajinario bat proposatuko dizut:
Hondartza duen herri bateko Udalak arazo bat du uda honi begira eta hori konpontzeko soluzio sortzaile bat proposatzea eskatu digu. Esan digutenez, hondartzara musukoekin joan beharko dugula sumatzen dute eta ez dute nahi hauek itsasoan amaitzea. Ideien zaparrada saio bat egin dugu taldean eta taldekide batek hau proposatu du:
“Hondartzara sartzen den pertsona bakoitzari plastikozko makil luze bat emango diogu, punta batean egurrezko pintza txiki bat duena. Bakoitzak makiltxoa hondarretan sartuko du eta musukoa pintzatxoarekin lotuta utzi”.
Has gaitezen kapela ezberdinak janzten!
Kapela zuriak informazioarekin eta datu objektiboekin du zerikusia. Modu neutroan ideia baloratzea dagokio, arrazonamendu eta ideiak alde batera utziz. Ziur aski, galderak egin eta informazio gehiago eskatu beharko dugu kapela hau janztean.
“Proposatutako soluzioaren kostua baloratu beharko genuke. Batazbeste egunean 2.000 pertsona sartzen dira herri honetako hondartzara udan. Makiltxo+pintza pack bakoitzaren prezioa 0,12 €-koa izanik, guztira 240 € inguru gastatuko ditugu eguneko; hilean 7.200 € inguru. Norbaitek banatu beharko ditu ere, eta kostu hau kontutan hartu beharko da. Haizeak arazoak sor ditzake ere, bandera efektu bat sortuko baita”
Kapela gorria janztean emozioekin, sentipenekin eta intuizioarekin arituko gara lanean. Gure burua justifikatu gabe, ideiak sortzen dizkigun sentipenak adierazteko aukera izango dugu. Noski, taldean ari bagara, beste partaideek ere ezingo dute guk esandakoa epaitu.
“Nire barruan zerbaitek esaten dit proposamena gehiegizkoa irudituko zaiela udaleko arduradunei. Gorputzak zerbait xumeagoa proposatzea eskatzen dit.”
Epai kritiko bat egitea dagokigu kapela hau janztean. Legedia hartuko dugu kontutan, akats edo irregularitaterik egingo ez dugula bermatzeko.
“Pentsatutako ideiak arazo larri bat du. Hondakin gehiago ez sortzea bada helburua, ez du ez hanka ez buru hondartzara datorren pertsona bakoitzari plastikozko makiltxo bana banatzeak.”
Kapela horia janztean jarrera optimista hartu beharko dugu. Positiboki ikusiko dugu proposamena, logika erabiliz. Proposamenaren onurak ikusiko ditugu, batik bat.
“Proposamenak funtzionatu lezake plastikozko makiltxoa kentzen badugu. Pintza soilik banatzea nahikoa da, hondartzara doazen pertsona guztiek baitute poltsa, motxila edo toaila bat musukoa bertan lotzeko. Haizeak arazo gutxiago sor ditzake horrela. Aurrekontua ez dadin arazo bat izan, ideia ona izan daiteke pintza ez banatzea pertsona guztiei, baizik eta eskatzen dutenei bakarrik. Udalak erabakita dauka hondartzara sarbideak kontrolatzeko langile bat jartzea; beraz, berari eskatu diezaiokegu lan hau egitea.”
Pentsamentu sortzailearekin du zerikusia kapela honek. Ideia berriak pentsatzeko baliatuko dugu, aukera berriak pentsatzeko, hipotesiak egiteko, … Sormena martxan jarriko dugu, orijinal izaten saiatuz.
“Aukera berri bat otu zait! Egurrezko pintzak arazo txiki bat zuen: metalezko malgukia. Pentsatu dut ilea eusteko erabiltzen diren gantxoen antzeko batzuk sor ditzakegula, baina materiala egurra izanik. Horrela, pintzaren bat hondartzan galduz gero, denborak, urak eta hondarrak irentsiko ditu, naturan arazorik sortu gabe.”
Kapela urdina buru gainean jartzean ikuspegi global bat izango dugu. Gaia orokortasun batetik begiratuko dugu, prozesu osoa kontrolatu eta antolatzeko. Kapel hau jantzita duenak beste pertsona bati beste kapelen bat berriro janztea eska diezaioke.
“Badirudi hasierako ideiak udalak zuen arazoa soluzionatu arren, arazo nabarmenak sortzen zituela. Kapela ezberdinen proposamenak entzun ondoren, soluzio on bat osatu dezakegu. Kapela berdeak proposatutako pintza sortzea posible den galdetu eta kostu ekonomikoa aztertu beharko dugu udalari behin betiko proposamena egin aurretik.”
Jantzi ditugu kapela guztiak!
Hasiera batean pentsatutako soluzioa ikuspegi ezberdinetatik aztertu ondoren, behin betiko proposamena osatu beharko dugu. Oso litekeena da hasierako ideia baino hobea izatea.
Hiru arrazoi nagusi ematen dizkigu De Bonok:
Argazkia: Joshua Coleman