2022/12/02

Entzun audio formatuan

Gaur zortzi Bilboko Selected jardunaldian egon ginen TaPuntuko hainbat kide. Bertan oso gauza interesgarriak ikusi eta entzun genituen.

Bilboko Hopper Ink diseinu estudioarekin hasi zen. Oso gauza politak egiten dituzte, beraz, instant follow! Bilbotar hauek eta ondoren hitz egin zuten kataluniako Extraescolar-eko Malena eta Helenak ikus-entzunezko proiektuetan grafista izatea zer den argitu ziguten. “The Crown” telesailerako egin dute lan, besteak beste. Interesgarria benetan.

Ignasi Escrivá -a ze tipoa- asko gustatu zitzaigun, sormenak zer dakarren eta sormen-ekintzan zehar bere kostu emozionala eta ziurgabetasuna nolakoa izan daitekeen ulertarazi zigun.

Packaging-aren inguruan ere hitz egin zen. Sariz josia zetorren Javier Garduño. Bertan erakutsi zituen adibideak gu ez gintuzten guztiz konbentzitu baina, bere sareetan begiratuta, oso gauza serioak dauzkala ikus daiteke.

Azkenerako utzi zuten onena, Isidro Ferrer. Hau bai tipo interesgarria! Eta ze nolako lanak egiten dituen! “Ikasteko, desikasi” izan zen bere esaldietako bat. Bere lanak erakutsi zituen eta zein baino zein hobeak ziren. Crack!

Jardunaldira joan ginenetatik % 90a ikasleak ziren eta ez dakit jardunaldi horiek etorkizuneko diseinatzaileentzat oso egokiak diren. Hizlari guztiek bezero eta aurrekontu handientzat egindako lanak erakutsi zituzten eta hori ez da errealitatea gaztea zarenean. Iruditzen zait espektatiba irrealak sortzen dituztela gazteen artean. Unibertsitatetik edo diseinu eskolatik atera eta Guggenheim, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza edo Camper bezalako bezeroentzat lanean jarriko direla pentsatzea iradoki dezake. Posible da han entzule moduan zegoen norbait horretaraino iristea, baina errealitatea beste bat da. Zure herriko garagardo azokaren kartela, etxe ondoko tabernaren karta, lagun baten proiektuaren logotipoa (doan), osabaren dendako eskuorria… Horiek dira esperientzia ematen duten proiektuak, eta pixkanaka-pixkanaka joango dira proiektu handiagoak egiten.

Hau da nire aholkua: Ez presarik eduki gauza handiak egiteko, pausoak ondo ematen badira, iritsiko dira. Zorte on!