2018/01/29

Featured snippets, ahots bilaketak, búsquedas voz

Web-orri baten posizionamendua hobetzeko garaian, lehenik SEO posizionamendua landu beharko genuke, doakoa izateagatik. Beti ere, bilatzaileek “saritzen” dituzten tekniken menpe gaude eta, emaitza hobeak lortzeko bide horretan. Helburu garbi horrekin, garrantzitsua izango da ere, datorrenari adi egon eta beharrezko doikuntzak besteek baino lehenago egitea.

TaPuntun jorratzen dugun gaietako bat izanik, interesgarria iruditzen zaigu noizbehinka honen inguruko formazioa jaso eta gure proiektuetan arlo hau geroz eta hobeto lantzea. Horregatik, Enpresa Digitalak antolatutako “SEO 2018an, featured snippets, ahots bilaketak eta PWA” ikastaroan parte hartzea erabaki genuen. Bertan, Fernando Maciá adituarengandik jasotakoa laburbiltzen saiatuko gara jarraian:

Zeintzuk dira posizionamenduaren joera berriak?

Hitz egin dugu sarritan web-orrien posizionamenduaren inguruan atal honetan. Esate baterako, hitz egin dugu SEO negatiboaz edota linkbuilding-az. Hortaz gain, aurtengo Nortasuna Sarean jardunaldian arlo honetako adituengantik ikasteko aukera ere izan dugu.

Baina, zer da datorrena?

Nabarmendutako bilaketa emaitzak (Featured snippets)

Orain dela gutxira arte, edozein posizionamendu lanketaren jomuga bilaketen emaitzen orrian (SERP, Search Engine Results Page) lehen posizioan agertzea izan da. Hemendik aurrera, aldiz, zerogarren posizioa izango da helburu nagusia.

Zergatik, baina?

Jarraian erakutsitako adibidean, “cómo se hace la sidra” bilaketa egin dugu. Bilatzaileak karratu batean nabarmenduta erakusten digu bere iritziz erantzun egokiena ematen duen emaitza. Horri esaten zaio featured snippet edo zerogarren posizioa.

Featured snippets

Bilaketen emaitzetan posizio horretan agertzea izugarrizko abantaila da. Zerogarren posizioaz gain lehen posizioa ere lortuz gero, erabiltzailearen pantailaren %20a beteko luke gure web-orriak, ordenagailuen kasuan. Are eta gehiago tablet batean (espazioaren %50) edota mugikorretan (%90).

Tamalez, Google bezalako erraldoiak oraindik ez daude prest horrelako funtzionalitate berriak euskaraz abian jartzeko, baina euskaldunon bilaketa ohiturak aldatzen joan ahala, ziurrenik guztion eskura egongo dira gutxinaka.

Ahots bidezko bilaketak

Ahots bidezko bilaketak ere geroz eta indar gehiago ari dira hartzen. Bilaketak egiteko modu erabiliena da beste herrialde batzuetan honezkero. Erabiltzaileek zuzenean mugikorrari eskatzen dizkiote hainbat zeregin: musika jartzea, bilaketak egitea, ordutegi, helbide edota hitzen esanahiak bilatzea etabar. Beraz, prest egon behar.

Ahots bidezko bilaketen emaitza ondokoa da: erabiltzaile batek bilaketa ahots bidez egitean, erantzuna ere ahots bidez jasoko du eta, beraz, bere arretaren %100a gureganatuko dugu.

Nola lor dezakegu featured snippet edota ahots bidezko bilaketetan agertzea?

Teknika berria izanik, ez dago errezeta magikorik. Pixkanaka ikasi beharko dugu gure web-orrietan galderak nola formulatu. Eta, bai, Google-i gustatzen zaion moduan egin beharko dugu lan.

Gako orokor gisa, kontutan hartu beharko genuke erantzun zuzena eman diezaiekegun galdera eta erantzunak txertatzea gure web-orrietan. Esate baterako, goiko adibidean erakutsitakoa. Horretarako, kasuan kasu, zera pentsatu beharko dugu: zein galdera luzatuko dizkio erabiltzaileak bilatzaileari gu aurkitu aurretik?

Jarraian, galdera eta erantzun hauek formatu egokian txertatu beharko ditugu web-orrian. Irizpide nagusi gisa, galdera eta erantzuna edukiaren hasieran egon daitezen saiatuko gara. Erantzunak testu formatuan egon daitezke, baina baita honako hauetan ere:

  • Zerrendak. Adibidez: Zeintzuk dira Euskal Herriko 5 sagardotegi onenak?
  • Irudiak. Adibidez: Sagardoa egiteko prozesua irudikatzen duen irudia.
  • Taulak. Adibidez: Euskal Herriko sagardo produkzioaren datuak.

Ikusten duzuenez, posizionamendua lantzen dugun kasu guztietan bezalaxe, erabiltzaileek bilatuko duten horretan pentsatu, gure zerbitzu edo produktuekin lotzen saiatu eta beharrezko edukiak prestatzea da gakoa.