2018/06/22

TaPuntuk 3 urte

Hirugarren urteurrena ospatzen dugu gaur tapuntutarrok. Eta bai, ospatu beharrekoak ospatu leloa oso barneratuta dugunez, hau irakurtzen ari zaren bitartean egunaz batera ari gara gozatzen. Gure egutegi partikularrean, ekainaren 22a jai eguna baita.

Gure artean ospatuko dugu egindako ibilbidea. Horrelakoetan atzera begiratzea gustatzen zaigunez, 3 urteak 5 argazkitan laburbiltzea pentsatu dugu. Noski, beste mila irudi eta momentu kanpoan geratu dira.

Eta ez hori bakarrik, sarrera honen bukaeran berri garrantzitsu bat ere kontatzen dizugu.

1. JAIO

Kooperatiba bat gara eta ez soilik forma juridikoari dagokionez; Kooperatzen programan parte hartu izana mugarri garrantzitsua izan zen TaPunturentzat. Ekintzailetza Sozialeko programan parte hartzeak eragin handia izan zuen gure oinarriak finkatzerako garaian. Izen-emate orria aurkeztean ezin imajinatu jarraian etorriko zen guztia. Ondoren etorriko zen 2o15eko ekainaren 22a.

TaPuntu Kooperatzen

2. NORTASUNA ERAIKITZEN

Hobe guztia ez kontatzea. TaPuntu izena otu aurretik egin genuen izen zerrenda erakusteak musuak gorrituko lizkiguke bapatean. Marka irudi guztiak bezala, gurea ere kontzeptu batetik tiraka sortu genuen: oinarrizko elementuak dira puntuak diseinuan eta webguneekin ere zerikusi zuzena dute; arlo ezberdinak jorratu nahi genituen baina modu bateratuan.

TaPuntu nortasuna sortzen

3. ITUROLA

Goxo hartu gintuen hasieratik Iturola Elkarlan Sorguneak eta, hein handi batean, TaPuntu bera posible egin zuen. Ekosistema egokiak beharrezkoak dira hazten ari diren proiektuentzat. Iturolarekin batera hazi gara eta plazera izan da denbora hau bertako kide diren beste pertsona guztiekin partekatzea.

TaPuntu Iturola Elkarlan Sorgunea

4. TALDEA

Pertsonak erdigunean. Ez da lelo hutsala. Egunero egunero eta zentzu guztietan zaintzen dugu elkar. Bizitza proiektu bat da TaPuntu, eta bide horretan ezinbestekoa da modu batean edo bestean bide horretan parte hartzen dugun pertsona guztion ongizatea. Gaur egungo taldea hasierakoa baino zabalagoa, anitzagoa eta osatuagoa da. Bidean zehar gure taldean parte hartu duten pertsona guztiek utzi dute beraien aletxoa.

TaPuntu taldea: Ekain Arotegi, Arkaitz Sukuntza, Ainhoa Iribar, Mikel Olaiz, Goretti Aranburu, Aritz Etxeberria

5. KABITIK AT

Agur esaten diogu orain arte gure kabi izan den Iturola Elkarlan Sorguneari eta baita Hernaniri ere. Bagoaz, baina ez urrutira. Badakizu txoriek ez dutela sekula jaio ziren kabia ahazten?

TaPuntuk 3 urte. KabitikAt