2017/06/22

Gaur, ekainak 22, gure bigarren urteurrena ospatuko dugu. Ofizialki bi urte egin ditugula esan daiteke. Dena den, amets hau duela askoz gehiago zegoen gure buruetan. Ametsak egi bihurtu daitezkeenaren adibidea da TaPuntu, bizi proiektua.

Duela egun gutxi, lantaldearentzat oso garrantzitsua den ia zazpi urteko neskatxa bati, TaPuntuk, gure lanak alegia, bi urte beteko zituela aipatzean pentsakor geratu zen. Minutu batzuk pasa eta gero, “baina ospatuko duzue?” galdetu zuen harrituta. “Noski, zergatik ez dugu ospatuko bada?”erantzun genion. Baina berak argi zuen horren erantzuna; “leku baten urtebetetzea ez da ospatzen ta!”.

Hor dago gakoa, guretzat TaPuntu ez da leku bat, ez lan bat… askoz ere gehiago da. Nola azaldu zazpi urteko ume bati zer den ilusioa? Nola azaldu lagun artean eta zerotik sortutako zerbait dela? Biziki sortutako proiektua! Nola azaldu, bihotza jartzen den bitartean, maitatzen dela, eta maitatzen denean urtebetetzeak ospatzen direla?

Bi urteko bide honetan Ainhoa Iribar, Mikel Olaiz eta Arkaitz Sukuntza burugogorrak egon gara batez ere txaluparen leman, baina ezin ahaztu bidelagun izan ditugu arraunlari guztiak. Gure norantza berdinean TaPunturen bidea egiteagatik, gogoa eta ilusioarekin proiektuak laztantzeagatik, TaPuntu zuena sentitzeagatik… Beraz, gaur aipatu eta eskertu nahi ditugu gurekin lanean egon diren Iñaki Etxeberria eta Iñaki Atrian. Egun, proiektuei kalitatea ezartzen dien Aritz Etxeberriari ere, eskerrik asko, nola ez, gure txalupa honen oinarria fintzeagatik!

Baina modu berean, ezin ahaztu olatuak sortzen dituzuen guztiotaz. Guraso, lagun, bikote, bezero, hornitzaile… orori, jarrai dezagun elkarrekin mundua eraldatzen. Jarrai dezagun amets honi forma ematen, jarrai dezagun bizi proiektu hau maitatzen.

Mila esker denoi, zuei esker gara, zuekin gara! #TaPuntuk2