Zenbatzen hasi eta ohartzerako eskua bete dugu. Irekiera horretan, behatz bakoitzari so egin, eta bideaz konturatu gara. Eskuekin egin dugu TaPunturen ibilbidea, gureekin eta zuenekin. Hatzamar bakoitza, mugarri bat, ezaugarri bat, gure islada.
Txikitatik ikasten, sortu ginenetik, beti gure adimena zabaltzeko grina (izan) dugu. Iraganetik, orainetik, etorkizunetik, zugandik, haiengandik, guregandik… ikasten!
Honen seinale dira ere, bidean izan ditugun praktikari eta lankideak. Lerro hauetatik mila esker denoi!
Konpromezuaren behatza deitzen diote. Gure kasuan ez loturarena, elkarlanarena baizik. Bakarrik baino, elkarlanean bidea hobeto egiten dela argi izan dugu beti. Horregatik KoopFabrika bezalako ekintzailetza programa batean hasi ginen, eta egun bertan jarraitzen dugu. Bestalde, Iturola Elkarlan Sorgunea izan zen gure lehen kabia, eta bertako gainontzeko arrautza eta txoriekin erlazioa mantentzen dugu. Era berean, OlatuKoopen parte gara, ekonomia sozial eta eraldatzailea saretzen. Eta, besteak beste, Koop57-n sinistu dugu kabi berrirako finantza zerbitzua eskatzeko.
Bihotz hatza, harremanak adierazi litzake, hatz sexuala ere deitzen zaio… Bihotza jartzen diogu lanari, eta laneko egunerokotasunean bihotza jartzen dugu. Pertsonak erdigunean gaudela konsziente izanda, zaintza konstantean ari gara. Aldi berean, gure eskualdea, gizartea eta komunitatea zaintzeko helburua (izan) dugu.
Honekin seinalatu, markatu egiten dugu. Agintzen duen hatza izan zitekeen, baina ez gurean. Nagusirik ez dagoelako. Liderrak izatearen ereduarekin eraiki nahi dugu, klik anitzekin, gure unibertsoa, gure proiektuak eta gure nortasuna. Eta bidean fitxa bat mugitu eta erortzen denean, beste bat jarri, eta norabideruntz jarraitu dugu. Ikasten uneoro, eraikitzeko.
Ados gaudela adierazteko igotzen dugu hatz hau. Bikain! esateko modua da. Gure kasuan era berean, zuen ekintzak onartu eta eskertzeko modua da. Puntu honetan, bezeroak, hornitzaileak, abalistak, bidelagunak, familia eta lagunak etorri zaizkigu burura. Zer izango litzateke bizi-proiektu hau zuek guztiak gabe?