75 urteko emakume bat jatetxe bateko mahaian eserita, bilobekin afaltzeko irrikan. Pandemiak mahai gainera ekarritako QR kode hondatua zelo horixkarekin itsatsita. Jatekoa aukeratzeko alternatibarik ez. Teknologia eta bizitza erraztearen ideia parez pare, elkar kolpatzen.
Evgeny Morozov ikertzaileak 2015ean tekno-soluzionismoa kontzeptua proposatu zuen oinarri soziala duten arazoei -pobreziari, esaterako- konponbide teknologikoak emateko sortu den tendentzia definitzeko.
Teknologiak gure bizitzako eremu guztietan agertzen joan ahala, areagotu egin da joera hori. Han eta hemen irakurri ahal izan dugun moduan, teknologien ezarpena ez da neutrala eta eremu teknologikoak bizitza errealeko ezberdintasunak erreproduzitu eta areagotzeko arriskua dauka.
Horren adibide da, esaterako, eskoletan teknologia barru-barruraino sartu izana. Eta, sartu izana baino, modu oso zehatz batean sartu izana. Korporazio handiek kontrolatutako gailu eta teknologiak sartu dira nagusiki ikasgeletan eta, hezkuntza demokratizatu eta errazteko balio beharko lukeena, kortse estu baten barruan harrapatuta geratu da. Eztabaida sutsuak piztu dira gai horren inguruan eta toki batzuetan atzera buelta bat ere aktibatu da; esaterako, Suedian eskolak digitalizatzeko prozesua gelditzea erabaki dute, «analfabeto funtzionalak sortzeko eragiten ari zen arriskuagatik».
Tekno-soluzionismoaren eragina handia da gure egunerokoan. Pentsa sare sozialen erabilerak pertsonen arteko harreman fisikoetan izan duen eragina, edota online erosketen areagotzeak gure herrien bizitzan eragindako kaltea. Guztia gure bizitzak erraztu eta bizi-kalitatea hobetzearen izenean.
Teknologia edo tresna berri bat zure eskura jartzerako garaian marketinak bere lana egingo du eta ekarriko dizkizun onurak nabarmenduko dizkizu. Baina gogoan izan: piztu alerta eta aktibatu zure begirada kritikoa. Benetan behar duzu aplikazio berri hori? Gailu berri horrek orain arte egin ezin zenuen zerbait erraztuko dizu? Erabiltzea erabakitzekotan, zein albo kalte ekar ditzake?
Finean, gaur egungo konponbide teknologiko azkarrak ez daitezela etorkizuneko arazo bilakatu.
Argazkia: Unsplash