2025/02/07

Gaur egun herrietan zerbait aldatzen ari da. Gure haurtzaroa markatu zuten dendak, gure istorio eta topaketen lekuko izan direnak, ateak ixten ari dira. Desagertzen den negozio bakoitzarekin, erakusleiho bat galtzeaz gain, gure nortasunaren zati bat ere galtzen da.

Irudia: aboutamazon.es

Gaitasun digitala eta erosketen zentralizazioa

Amazon, AliExpress eta azalera handien gorakadak erabat eraldatu du kontsumitzen dugun modua. Etxetik erosteko erosotasunak, prezio hobeak (hori uste dugu) eta berehalakotasunak tokiko saltokietatik urrundu gaituzte bezero asko. Horrez gain, erosketak hiriburuetan zentralizatzen dira, herrietako negozioak gero eta posizio ahulagoan utziz.

Irudia: businessinsider.es

Belaunaldien arteko erreleboa: gainditu gabeko erronka

Negozio horien jabeak, bizitza herriari zerbitzatzen eman dutenak, aldaketetara egokitzea kostatzen zaien adinera iristen ari dira. Bezerorik leialenak, zahartu egin dira. Aurrez aurreko erosketa baloratzen jarraitzen dute baina, zer gertatuko da belaunaldi hori desagertzean?

Bitartean, gazteok, “online bizitzara” ohituta gaudenok, ez dugu beti gertutasunera begiratzen. Eta hori egiten dugunean, merkatuaren eskakizun berrietara egokitzen jakin ez duten negozioak aurkitzen ditugu. Horri beste erronka bat gehitu behar zaio: gazte askok ez dute motibaziorik aurkitzen familiaren negozioarekin jarraitzeko, eta horrek bizitza osoko saltokiak behin betiko ixtea eragiten du.

Digitalizazioa aukera gisa, ez mehatxu gisa

Panorama horretan, digitalizazioa ez da luxu bat, beharra baizik. Baina ez da nahikoa webgune berri bat egitea edo eta sare sozialetan kontu bat sortzea. Estrategia, prestakuntza eta laguntza egokia behar dira. TaPuntun hainbat herritako saltoki eta elkarteekin lan egiten dugu prozesu honetan laguntzeko, ez bakarrik bizirik iraun dezaten, baita aro berri honetan aurrera egin dezaten ere.

Digitalak ez du zertan izan tokikoaren etsaia. Alderantziz, bezero berriekin konektatzeko, betikoak fidelizatzeko eta historia duten negozioei bigarren bizitza bat emateko gakoa izan daiteke.

Irudia: altertecnia.com

Aurrera begiratzea, gertukoa ahaztu gabe

Gure herrietako merkataritzaren etorkizuna ez dago idatzita, baina gaur hartzen ditugun erabakien mende dago. Tokikoaren aldeko apustua egiteak ez du esan nahi digitala baztertu behar denik, baizik eta modu natural batean integratu behar dela. Eusten dion denda bakoitzean, merkatariaren eta bezeroaren arteko agur bakoitzean, gure herrien bihotzak taupadaka jarraitzen duelako.

Ez dezagun itzaltzen utzi.