Oraindik ere udako opor garaiaz gozatzen ari bazara, zorionekoa zu! Urte osoan egiten ez ditugun gauzak egiteko aprobetxatu ezazu!
Aldiz, iraila lanera bueltatzeko garaia baduzu, bueltatze prozesua arindu dezaketen 5 gomendiori buruz hitz egingo dugu Martxan honetan. Goazen gomendio horiekin!
Iraila lan gehien pilatzen den garaia izaten da. Gu bezala, gure bezeroak ere lanera bueltatzen dira, eta badirudi denak ados jartzen direla dituzten beharrak aldi berean eskatzeko.
Lan guztia batera ezin dugunez aurrera atera, lan aukeraketa egin beharrean gaude. Eta hori ona izan daiteke guretzat. Posible bada, lana aukeratzean errazen burutuko ditugunak aukeratu lehenik. Lanak hasi eta bukatzeak lan girora errazago moldaraziko gaitu, eta guretzat oso motibagarria izango da.
Lanean etenaldiak izatea guztiz gomendagarria da, eta are gehiago udako oporren bueltan. Egokiena, 2-3 orduro 15-20 minutuko etenaldia egitea da. Eta etenaldia fisikoki lan postutik, edo eraikuntzatik mugitzea bada, askoz hobe.
Etenaldia beste lankide batzuekin egiten badugu, gogoratu deskonexio momentuan gaudela. Lan kontuak ekidin une horietan. Beti bada hitz egiteko konturik. Ah! Eta mugikorrean lan deirik jasotzen badugu, hil ala bizikoa ez bada, gerorako utzi!
Askotan, udako oporren ondoren lanera bueltatzen garenean ahaztu egiten zaigu oraindik ere uda garaian gaudela. Bale, gurean askotan uda garaia motz xamarra izaten da eguraldi kontuetan, baina iraila hain justu, nahiko dezentea izan ohi dugu normalean.
Aprobetxa ditzagun egun luzeak, lagun eta familiakoekin egonaldiak, terraza giroak, goizeko edo arratsaldeko ibilalditxoak. Ekintza guzti hauek gure herri eta hirietan egin ditzakegunak dira, gainera. Eta utz ditzagun etxeko egonaldiak negua iristen denerako!
Kirola egitea beti da ona, eta oraindik ere hobea oporren ondorengo lehen lanegunen bukaeran. Egunaren hasieran hobeto badatorkizue, beste aukera bat da.
Izan daiteke hasieran alferkeria sentitzea. Kirola egiteak suposatzen duen esfortzua burura etortzea. Baina utzi ideia horiek alde batetara, eta pentsatu kirola egin osteko plazerean. Eguneko buruhausteak gainetik kentzeko primerakoa! Eta gogoratu, kirola egitea ibilbidetxo bat egitea izan daiteke!
Nahiko ohikoa izaten da udako opor luzeen ondoren hurrengo oporraldian pentsatzea. Baina kontuz! Ez dezagun datorren urteko udaran pentsatu!
Egokia izan daiteke aste gutxi barru eskapadatxo bat burutzea. Laneko helburuak onak diren bezala, aisialdi helburu berriak ere onak dira.