2022/11/18

Entzun audio formatuan

Eta zuek, zein motatako pertsonak zarete?

Jakinarazpen bat jaso bezain azkar ikusi behar dutenetakoak ala marka gorridun abisuarekin lasai bizi daitezkeenetakoak? Zuen posta elektronikoko postontzia garbia duzue ala irakurri gabeko milaka postaz beteta? Mugikorreko softwarea azken bertsioarekin duzue ala erosi zenutenetik eguneratu gabe?

Eta zuen webgunean, WordPress eta bertako pluginen eguneraketa bat dagoen bakoitzean, botoitxoari ematen diozue ala dagoen horretan utzi?

Zer da hobea? Zuria ala beltza? Izan ala ez izan? Horra hor auzia.

Egia esango dizuet: nik neuk ere ez daukat erantzun argirik. Nire bizitzako fase ezberdinetan ezberdin jokatu izan dudala esango nuke. Hori bai, nahiko ziur esan dezaket, muturreko erabakiek arrisku gehiago dutela, eta erantzun onenaren bila bi muturren artean kokatzen den punturen batetik hasiko nintzatekeela.

Zer da hobea?

Azken urteetan nire eskuetatik pasa diren webguneen artean, WordPress bertsio zaharrenarekin ikusi dudanak 2013ko 3.6.1 bertsioa dauka (bai, orain, 2022an).

2013ko WordPress 3.6.1, 2022an martxan

Aldiz, WordPress 6.1 (momentuko azken bertsioa) instalatuta duen webgune bat baina gehiago ikusi ditut erorita.

2022ko WordPress 6.1, erorita

Bada, erantzun beharko banu, ez bata eta ez bestea. Egia da eroritako webgunea ez dela batere egokia. Baina egokiagoa al da dagoen horretan inondik ere uki ezin daitekeena, ukituz gero ziur dakizunean behin betiko puska daitekeela?

Webguneak nola mantendu

TaPuntun, guk garatzen ditugun webguneetan, bezeroei ematen diegu edukiak eguneratzeko ahalmen guztia. Aldiz, webgune horien motorra den WordPress-en inguruko mantentze lanak guk burutu ditzakegu, hala nahi badute. Nolabait esateko, bezeroa erabaki tekniko horietatik urrundu, eta auzia eta erantzukizuna gure esku uzteko modua da.

Ez da derrigorrezkoa webgune bat egunero (sic.) eguneratzen aritzea, baina maiztasun batekin kasu egitea beharrezko ikusten dugu.

Behin eguneratzen hasita, PHP bertsioa, WordPress bertsioa, pluginen bertsioak eta horiek guztiak elkarrekin duten bateragarritasuna kontuan izaten ditugu. Eta badirudi hortik doala WordPress 6.1 bertsioa sortzen ari den errore sorta.

Argazkia: Ümit Bulut