Gaur, martxoaren 8aren bezperan, entsegu (esperimentu) bat egin dugu TaPuntun, eta lantaldeko emakumeok boteretsu sentitu gara!
Gure taldekide diren gizonezkoei hausnarketarako espazio bat ireki nahi izan diegu eskaera zehatz baten bidez.
Hauxe izan da eskaera: TaPuntuko kristalera baliatzea zaurgarritasuna adierazteko.
Zergatik zaurgarritasuna? EKINTZAren indarrak aurrera bultzatzen gaituen moduan, zaurgarritasunak gelditzera gonbidatzen gaituelako. Loreak zaurgarri izanik, zergatik existitu?
Lankideak zaurgarri sentitu daitezen, beraz, egoera deseroso eta arrotz baten aurrean jarri ditugu: akrilikoak, kristalera, elkarlana, adostea, moketa ez zikintzea eta, bestelako lan-karga izanda ere, ekintza horri denbora eskaintzea.
Posible da entsegu hau egitean gure taldeko gizonak zaurgarri ez sentitzea. Posible da erraza izan dela eta bikain egin dutela harro esatea! Bost pertsonen artean kristalera ti-tau batean margotzea. Originala, ederra eta distiratsua egin dutela erakustea. Oso erraz, oso polit eta modu indartsuan, aurretik adierazi dugun ekintza-indarra baliatuz.
Posible da, ordea, zaurgarri sentitu izana baina ez detektatzea. Guk ere, emakumeok, gizonkeriaren ekintza-indarrean behin erori ginenok, sentitu ez genezakeen moduan. Hau ez baita gizon edo emakumeon arteko diferentziarik erakutsiko duena, baina gaur, gurean, gizonezkoena izan da erronka.
Zaurgarritasuna guztiok identifikatu eta errekonozitu beharko genukeen indar EMEA baita.
Emetasunari omen, gaur, gurean, emakumeok gogora ekarri nahi izan dugu prozesuaren garrantzia, bidearen edertasuna, aritzearen usain goxoa, ondo ez egitearen haustura, erortzearen mina, egoera zailen aurrean sentitzen den beldurra, txiki sentitzea, ahal ez izatea, gorputzaren mugei erreparatzea, itzalean geratzea, hauskor sentitzea…
Egiari zor, gure taldeko gizonek teoria badakitela erakutsi dute. Ideia ingeniosoa eta ederra izan dute, ZORIONAK BENETAN! Baina zalantza dugu zaurgarritasuna gorpuztu ote duten. Hurrengo asteko elkar-zaintza saioan landuko dugu hau 😉
Ah, eta noski, hemendik egun gutxi barru guztia garbitu beharko dute, eta guk lasaitua hartuko dugu, kristalera luze eta zabalean margotu duten margo-kapa lodiaren iluntasuna argituko delako, karkar!