2021/12/03

datu pribatuen babesa

Entzun audio formatuan

Orokorrean, egunero eta konturatu gabe, gure datu pribatuak eskaintzen ditugu edozein kudeaketa aurrera eramateko garaian. Esate baterako, udal erakunde edo instituzio publiko bati eskaera bat egin ahal izateko, erosketak egitera joan eta banaketa zerbitzua kontratatuz gero, sare sozialen bidez zozketa batean parte hartzeko, …

Horren ondorioz, ez da harrigarria izango, ondorengo egun edo hilabeteetan, gustuko ez ditugun dei edo posta elektronikoak jasotzea, marketin edo publizitate helburuak dituzten komunikazio mezuak izaten baitira. Hala ere, zer egin hauei mugak jartzeko?

Zein dira gure datu pribatuen gainean ditugun eskubideak? Argi al ditugu?

Kokatzearren, garrantzitsua da jakitea 2018. urtean Europa eta Espainia mailan legea aldatu zela eta beste helburu batzuen artean, datu pribatuen titularrei gehiago babesteko helburuz, aldez aurretik genituen eskubideak mantendu eta beste berri batzuk gehitu zirela. Hala ere, orokorrean aldez aurretik genituen eta gaur egun ditugun eskubideak zeintzuk diren ez dugu oso garbi izaten.

Gai garrantzitsua den heinean, hementxe dituzue titular gisa gure datu pribatuen gainean ditugun eskubideak eta bakoitzaren azalpena:

  1. Sarrera eskubidea
    Edozein unetan eta gure helburua edozein izanda ere, aldez aurretik erakunde bati eskaini dizkiogun datu pribatuen inguruan kontsulta egin dezakegu , erakunde horrek datu hauek zertarako eman genizkion azaldu beharko digularik ere.
  2. Zuzenketa eskubidea
    Eskainitako datu pribaturen bat aldatzeko beharra bagenu (adibidez, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, …) horretarako eskubidea dugu.
  3. Ezerezteko eskubidea
    Erakunde batek maneiatzen dituen gure datu pribaturen bat berriro ez erabiltzeko eskubidea dugu. Erakunde horrek ezingo du datu hori berriro erabili, baina dena den hau ezabatzeko agindua ez genioke emango eskubide hau egikaritu nahi dugula adierazten badiogu.
  4. Aurkaritza
    Ezerezteko eskubidearen oso antzekoa da baina kasu honetan, erakundeak datu hori ezabatu eta berriro erabiliko ez duela bermatzeko idatzi bat burutu eta bidali beharko digu.
  5. Tratamendua mugatzea
    Eskubide honen izenak dioen bezala, nolabait muga bat jartzea litzateke. Alegia, adibidez bere garaian erakunde bati datu pribatu batzuk eskaini eta hauen kudeaketa bi tratamenduetarako erabiltzeko baimena eman bagenion ere (adibidez, azterketa estatistikoak egiteko, eta publizitatea bidali ahal izateko), orain bakar baterako erabiltzea adierazteko eskubidea dugu eta erakundeak hori errespetatu beharko du.
  6. Transferitzeko eskubidea
    2018 urtea geroztik berria den eskubide honi esker, gure datu pribatuak dituen erakunde bati, gure izenean dituen datu pribatu guztiak formatu edo ohiko tresna batean eskatzeko eskubidea daukagu. Horri esker adibidez, zerbitzu bera eskaintzen duen beste entitate bat kontratatu ahal izateko alta asko azkartzea eta erraztea lortuko genuke.

Eskubide hauek egikaritzeko garaian, datu pribatuak jaso dituen erakunderengana jo eta gure Nortasun Agiriaren kopia bat bidali beharko diogu (datuen titularra gu garela ziurtatu ahal izateko hori egitea behartuta daude eta). Epeari dagokionez, hasiera batean, arduradunak 30 eguneko epea luke gure eskaerari erantzun ahal izateko.

Behin eskubideak zeintzuk diren eta zertarako balio duten ezagututa, hemendik aurrera erabiliko al dituzula uste duzu?