Haizeek xuxurlatzen dutenarekin amaitu genuen azkenengo Komunikazio eta diseinu emozionala (I) atalean, eta xuxurlariak entzutea interesgarria bada ere, askotan, esaten ari diren hori aurrera eramateak erronka haundi bat erakutsi ohi digu parez-pare: alaitasuna eta ongizatea norbere baitan dagoela? ziur?
Horregatik, xuxurlariei kasurik egin ez, eta gure kaleak bihotz eta irribarrez margotzen jarraitu genezake, eta benetan sinetsi, erosten ari garen produktu hori garrantzitsua dela gure bizitzetan, erabat oso, pozik, eroso, eta baloratuak sentitu gaitezen.
Zer da bihotza ordea? esango nuke, mugimenduan dagoen zerbait dela gutxienez. Organoa, sentsazioa, emozioa, izaera oso bat… Geldirik edo itxita dagoenean tristura sentitu genezake, mugimenduan dagoenean poza, eta eroso dagoenean lasaitasuna, sentitzen duzu?
Nork esango luke, irribarreak hain garesti dauden eta musukoekin ahoak ikusi ezin ditugun garaian, bete-betean daudela irribarreak marketinaren plazan (aurreko atalean erakutsitakoaren seme-alabak).
Irribarrea emozio baten ondorioa izan liteke, oso barnetik jaiotzen den poz eta alaitasunaren erreflejua, sentitzen duzu?
Gure gorputzetan sentitzen ditugun emozioetan erreparatu, sentitu, begiratu, ikutu, sufritu, partekatu, emozioa zein koloretakoa den ikusi, zein forma duen begiratu, non sentitzen dugun konturatu eta azkenik hitza jartzeak emozioen esparrua zein zabala den ohartaraziko digu.
Eta modu honetan kanpotik datorkigun hori zein tokitik konektatzen zaigun ulertuko dugu, gure beharra gorputzean sentituko dugulako. Adibidez, Pizza bat familian jaten ari direnekin konektatzen badugu, badakigu familia dela desorekatu/orekatzen gaituen elementua, sabela korapilatu zaigulako, eta pizza batek ez duela egoera hori ekidingo. Pizza jateko gogoa baduzu, jan lasai! baina ez dizu lagunduko zure behar emozionala asetzen.
Ongi egotea ez baita alai egotea. Ongi egotea emozioak (goranzkoak zein beheranzkoak) irakurtzen jakin eta kudeatzen jakitea baita.
Gaur egungo komunikazio eta diseinu emozional hau, emozioen gaian ere erabat burujabe izatea beharrezkoa dela erakusten ari zaigu.
Eta haizeek diotena egia den edo ez jakiteko bide bakarra, hauxe dela.