2015. urtean TaPuntu Kooperatiba sortu genuenetik inguruko askok galdera hau egin izan didate: “baina, zuek zer egiten duzue lanean zehazki?“.
Horrelako kasuetan, gehiegi pentsatu gabe, erantzun hau eman izan dut: “marketin digitaleko aholkularitza eta garapena eskaintzen dugu”.
Dena den, erantzun hori eman dudan bakoitzean, esateko askoz gehiago nuenaren sentsazioarekin gelditu izan naiz, badakit eta hori baino gehiago garela gurean, kide bakoitzak ofizialki egiten duguna baina askoz ere ekarpen handiagoak egiteko gai dela eta baditugula bestelako espektatiba eta erronkak gurean.
Gaurkoan horietako bat azaltzera nator adibide praktiko baten bidez.
Gure hastapenetan, KoopFabrika ekintzailetza soziala bultzatzen duen programan parte hartu genuen eta bertan Ekonomia Sozial Eraldatzailearen inguruan entzun genuen lehen aldiz.
Hasiera batean gure proiektua sortzeko bultzada eta babesa eskaini ziguten arren, batez ere sare bat izatearen garrantzia eta lehiakortasunaren gainetik, interkooperazioa aukera bat dela ikustarazten lagundu ziguten. Gainera, gure proiektua ingurune batean kokatzen dela eta ingurune horretan eragin bat izango duela argi utzi ziguten. Gure esku zegoen ordea, ingurune horretan eragin positiboa edo negatiboa sortzearen erabakia.
Zalantzarik gabe gure ingurunean positiboki eragin nahi genuela erabaki genuen, gure eskualdean aukerak sortu eta eskualdeko eragileekin batera, eskualdeko garapenean eragin.
Ideia hori garbi izanda, 2019. urtean Aztiker kooperatiba, Bira kooperatiba, Argia eta Beterri Buruntza Udalekin batera Beterri Saretuz proiektua martxan jarri genuen, GFAren babes ekonomikoari esker.
Labur azalduta, bestelako eredu ekonomiko batean sinetsi eta hori sortzeko indarra duen sare bat garela esan genezake. Bertan, eskualdeko enpresez gain, eskualdeko hezkuntza eragileak eta erakunde publikoak elkarlanean ari gara. Tokiko ehun komunitarioa txertatzeko erronka dugu aurretik.
Argi dugu gauzak ez direla egun batetik bestera aldatuko, baina argi dugu ere zer esana dugula gure eskualdeko garapenean eta horretarako espazioak eta ezagutza sortzen joango garela. Aurreko urtean adibidez, Beterri Saretuz proiektuari esker, gure ikuspegitik partaidetzan oinarrituriko enpresa baten gakoak zeintzuk diren hausnartu eta ondorioztatzeko aukera izan genuen, ezagutza hori gida batean jasoz.
Sare gisa, elkar eraginez eta elkar elikatuz ikasten goaz egunero, eskualdeko pertsonen benetako beharrak identifikatu, hauek asetzen saiatu eta batez ere, langile baino, proiektu ezberdinen partaide eta sare bateko partaide aberats garela.
Eta zuek, zer egiten duzue zuenean?
Beterri Saretuz proiektuaren informazio gehigarria