2022/10/21

Pertsona inteligentea egoera bakoitzean nola jokatu dakien hura omen da, egoera ezberdinetara egokitzen dakien hura. Ez dakit nork egin zuen adierazpen hori, eta agian ez da oso txukuna nire “Martxan” ataleko lehenengo argitalpena aipu baten egiletza aitortu gabe hastea, baina komunikazioan lan egiten dugunok oso kontutan hartu beharreko baieztapena iruditzen zait. Niri gutxienez, iltzatuta gelditu zitzaidan entzun nuenean eta laguntzen dit hori beti presente edukitzeak.

Jakin behar dugulako non eta norekin ari garen, entzuten, esaten ez duena irudikatzen, bere nahien zergatia ulertzen, eremu gatazkatsuak detektatzen eta, batez ere, gure tokia eta egin beharrekoa zein den definitu eta argi izaten.

Eta, zer den komunikazioa? Guri ere kosta egiten zaigu oraindik azaltzea. Komunikazioa guztia dela esaten dut nik beti. Baina hori esan eta ezer ez esatea… antzerako. Nire ingurukoek ez dakite esaten zertan lan egiten dudan. Ziur aski, nire azalpen eskasengatik… TaPunturen zazpigarren urteurrenean egindako bideo honek ere argi uzten du gure inkomunikazioa.

Ez dago formula magikorik. Eta, aldi berean, egunero berrasmatu behar izaten dugu. Honetan ere, gauza askotan bezala, etengabeko eraldaketaren zurrunbiloan sartuta gaudelako.

Planteatu genezake menu berbera bezero guztientzat, menu itxi bat. Baina ez luke ezertarako balioko. Gure lanaren parte badelako bezero hori ezagutu eta mundura nola aurkeztu nahi duen pentsatzen laguntzea. Bere alde onak indartzea, gabeziak ezagutu eta modu positiboan komunikatzen saiatzea.

Beste norbaiti zabaltze hori kosta egiten da batzutan. Ariketa intimoegia izan daiteke askorentzat, autoezagutza, gustuko ez duguna onartu beharra… Baina esango nuke, denok egin beharreko ariketa bat dela.

Eta asmatzen denean, bideak merezi izan duela sentitzen duzu. Konplizitate berri bat eraiki denaren sentsazio horretan aurkitzen duzu hurrengo proiektuari heltzeko motibazioa.