2025/01/10

Ziurtagiri digitala

Entzun audio formatuan

Ziurtagiri elektronikoa fitxategi elektroniko bat da. Bere bitartez, konfiantzazko hirugarren batek erabiltzaile baten nortasun digitala ahalbidetzen du. Horri esker, erabiltzaileak bere nortasun digitala lortuko du, horretarako prest dauden guneetara sarbidea lortuz eta bere izenean edota ordezkari gisa, hainbat kudeaketa egin eta sinatzeko aukera izanik, fisikoki egingo lukeen segurtasun eta erantzukizun legal berdinekin.

Sinplea dirudien arren, herritar zein profesional gisa ziurtagiri elektroniko bat behar dugunean zalantza ugari sortzea ohikoa izaten da. Izan ere, zehazki zer den ulertu eta ziurtagiri elektronikoa nola lortu jakitea ez baita erraza.

Zer eduki behar dugu argi?

  1. Ziurtagiri elektroniko bat behar dugunean, segurtasun protokolo batzuk errespetatzen dituen zerbitzu emaile ofizial bati egin beharko genioke eskaera, behin ziurtagiria lortuta, segurtasuz osoz arituko garela bermatzeko.
  2. Bigarrenik, ziurtagiria zein lurralde-eremutako administrazio publikoekin aritzeko erabiliko dugun argi izatea komeni da, adibidez, EAE mailako edota Estatu mailako erakundeekin aritzeko erabiliko dugun. Horren baitan lurralde-eremu horretan erabiltzeko onartutako bitarteko bat eskatu beharko dugu.

EAE mailako gako publikoko azpiegiturak:

EAE mailako administrazio publikoetan identifikatu eta kudeaketak egiteko ziurtagiri ohikoenak ondoko hauek dira:

  • Bak eta Bakq: Izenpe zerbitzu emaileak EAEko herritarren eskura jarritako doako ziurtagiriak dira eta herritar gehienek erabiltzen dituztenak. Esteka honetan ziurtagiri mota horiei buruzko informazio guztia dago jasota.
  • Izenpe ziurtagiri profesionala: enpresa edo erakunde bat izanez gero eta horren izenean EAE mailako administrazio publikoekin elektronikoki kudeaketak egin nahi izanez gero, bai entitateko ordezkari gisa zein langile izanik, Izenpek eskaintzen duen ziurtagiri profesionalak ditugu eskuragarri. Horiek lau urtetako iraungitze epea dute eta baita kostu ekonomiko bat ere.

Estatu mailako gako publikoko azpiegiturak:

Aldiz, Estatu mailako administrazioetan identifikatu zein kudeaketak egiteko, gehien erabiltzen diren ziurtagiriak hauek dira:

  • Cl@ve pin eta Cl@ve permanente: Estatu mailako administrazio publikoetan sarbidea izateko herritarren eskura dagoen doako aukera litzateke. “Cl@ve Pin” eta “Cl@ve permanente”-ren artean dagoen aldea da, gune batera sartzeko garaian eskatuko digun gakoa aldakorra izango dela “Cl@ve Pin”erabiltzen badugu, eta berdina izango dela “Cl@ve Permanente” erabiliz gero.
  • Cl@ve firma: Estatu mailako administrazio publikoko gune birtualetan sarbidea izateaz gain, hainbat tramite egin eta sinatzeko aukera ahalbidetuko digu aukera honek. Herritar batek lehen aldiz lortu ahal izateko, horretarako eskumena duten bulegoetara gerturatu beharko du eta bere nortasuna frogatu NAN edota beste dokumentazio ofizial bat erakutsi.

EAE zein Estatu mailako administrazio publikoekin aritzeko ziurtagiriak:

Erabiltzaile ikuspegitik, lurralde batean zein bestean aritzeko beharra bagenu, hainbat ziurtagiri elektronikorekin aritzea baino eraginkorragoa izango da bakar batekin aritzea. Horretarako, hauek dira gehien erabiltzen direnak:

  • NAN elektronikoa: laburbilduz, beti ezagutu dugun NAN fisikoaren bertsio digitala litzateke. Erabiltzaileari nortasun digitala eskaintzen dio eta gune ofizialetan agiri elektroniko bidez aritzeko ahalbidetu. Dokumentu hori lehen aldiz eskatzeko, NAN fisikoaren eskaera egiteko gerturatu izan garen bulegoetara jo beharko dugu eta antzeko prozesua egin.
  • FNMT-ek igorritako ziurtagiriak: “Fábrica Nacional de Moneda y Timbre” autoritate emaileak igorritako ziurtagiriak dira. Hainbat motatakoak eskaintzen ditu, baina ondo dago jakitea herritar gisa zein autonomo gisa ziurtagiria doan lortzeko aukera dagoela. Bestelako ziurtagiri motek, aldiz, enpresa baten ordezkari gisa aritzeko ziurtagiriek, adibidez, igorpen eta berritze kostu bat dute. Esteka honetan dago ikusgai FNMT-ek igortzen dituen ziurtagiri mota ezberdinen inguruko informazioa.

Bukatzeko, garrantzitsua da jakitea Estatu mailan honen guztiaren kontrolerako entitatea Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalaren Ministerioa dela eta fidagarriak diren zerbitzu emaileei kontrolerako mekanismoak ezartzen dizkiela erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko helburuz.

Argazkia: YuriArcursPeopleimages